Jarduerak

Igandetan haurrentzako zinema eskaintzen zitzaien auzoko txikienei. Gazte talde batek bertsolaritzaren hastapen latzak bezain interesgarriak ere ezagutu zituen. Abesbatza bat ere eratu zen, denboraldi batez entseiuak egin zituena. Arranon areto-futbol talde bat ere izan zen.

Maiatzaren lehena ospatzen zen. Bertako lokaletan astean bitan gimnasia egiten zen. Afari herrikoiak eta merkeak antolatzen ziren elkartea girotzeko eta auzotarren arteko harreman estuagoa izateko. Liburutegi txiki bat antolatu zuten, tapizen edo eskaiolazko mozorroen ikastaroak eman zituzten; parkerako ibilaldiak antolatzen zituzten eta ibilaldi haietan Ernesto Gurrutxaga adituak bertako zuhaitzen izenak eta ezaugarriak azaltzen zituen.

Eta beste hainbat jardueraren artean, Euskararen astea, sagardoaren astea, diapositiben proiekzioak, hitzaldiak, Korrika eta abar. Aurreneko urteetan, izan ere, elkarteak dituen lokalen goiko partea beteta egon ohi zen asteak zituen egun guztietan. Jarduera hauetako batzuk beste talde batzuekin batera landu izan dira, ondoko hauekin esate baterako: Xabier, Euskal-Eskola, Ikastola, Emakumearen Zentroa, Antxeta, Aisialdiko Elkarteak eta abar.

Jarduera horietako batzuek berezko autonomia zuten, beste batzuk autogestionatu egiten ziren, eta gainerakoetarako elkarteak 15.000 pta.ko ekarpena egiten zuen hiru hilero. Gainera, elkarteak egiten zituen janarietako eskupeko batzuk xede horretarako erabiltzen ziren.

Gastronomia ere aitzakia izan da bazkideen eta auzoko beste pertsona batzuen arteko harremana bultzatzeko eta elkar ezagutzeko.

Azken finean, bertako lokalak gizarte edo kultur jarduerak garatzen dituzten talde askorentzako topagune izan dira edota besterik gabe lagunak, senideak edo auzotarrak mahai baten inguruan biltzeko.

No hay comentarios: